Palestinak batuta: euskal sindikatuak BDZrekin bat


[Berria]Palestinaren okupazioa gaitzetsi, eta Israelgo Estatuaren aurka nazioartean duela bost urte abiatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainarekin bat egin dute euskal sindikatu guztiek.

Batasun irudia eman zuten atzo euskal sindikatuek. Ez lan erreformaren aurkako neurrien inguruan, ez negoziazio kolektiboaren inguruan, ezta lan gatazka jakin baten salaketaren inguruan ere. Palestinari elkartasuna agertzeko batu ziren ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, EILAS, Hiru, EHNE, CGT eta LSB. Nelson Mandelaren hitzak aipatu zituzten auziaren bidegabekeria agerikoa dela nabarmentzeko: «Gure garaiko kasu moral nagusi bilakatu da Palestinako herriarentzako justizia». Eta hala, esku hartzea erabaki dute sindikatuek, Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainarekin (BDZ) bat eginez.

«Israelgo Estatua Palestinan gauzatzen ari den apartheid politikarekin eta Palestinako lurraldearen legez kanpoko okupazioarekin ez kolaboratzeko konpromisoa» hartu dute sindikatuek, BDZ kanpainari atxikitzearekin batera. Gogora ekarri dute, gainera, «giza eskubideen unibertsaltasunaren, banaezintasunaren eta elkarrekiko loturaren defentsa» dagoela kanpainaren oinarrian; beraz, ekimena baliabide zibiko «eraginkorra» da «bidegabekeria eta indarkeria» instituzionalaren ondoriozko egoerak aldarazteko.

Izan ere, nazioarteko erakundeen lanaren «porrota» nabarmendu dute euskal sindikatuek, ez baitute lortu Israelek nazioarteko legedia bete dezan -hain zuzen, sei urte bete ziren atzo Nazioarteko Justizia Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuela Israelek Gazan eraikitako harresia-, ezta estatuak palestinarrekiko errepresioa bertan behera utz dezan ere. Hori dela eta, gizarte zibilaren ekimena «oso beharrezkotzat» jo dute sindikatuek, presio neurri gisara, batik bat Europar Batasunaren jarrera ikusita: «Israelek Palestinako biztanle arabiarren giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak behin eta berriro urratu ostean, EBk ez du ezertxo ere esan». Izan ere, «presio neurria» da BDZ kanpaina, Israelekiko enpresa arloko harremanak zein harreman ekonomiko eta politikoak saiheste aldera egina.

Hori dela eta, boikot eta gaitzespen mezuak gurera ekartzean izango du benetako eraginkortasuna kanpainak. Hala, Euskal Herrian diharduten enpresen eta erakundeen jarduna salatzeko konpromisoa ere hartu dute sindikatuek: «Palestinako herriaren eskubideen gainetik interes ekonomiko, politiko edo bestelakoak jartzen dituzten, eta Palestinaren okupazio koloniala legitimatzen edo berori gauzatzen laguntzen duten euskal erakunde eta enpresak jendaurrean salatuko ditugu».

Ildo horretan, dagoeneko martxan dauden boikot ekintza batzuk ekarri dituzte gogora, hala nola Palestinaren okupazioa gaitzetsi ez duten musikari israeldarrei eginikoa, eta okupatutako lurretan tranbia bat eraikitzen ari den Veolia enpresari garraio zerbitzuak eman izanaren aurka aurkeztutako mozioak. H&M arropa dendaren aurka berriki abiatutako ekimen batez ere mintzatu dira, «palestinarrei lapurtutako lurretan denda erraldoi bat eraiki duelako».

BDZren bosgarren urteurrena

BDZ kanpainak bost urte bete dituen egunean adierazi diote atxikimendua euskal sindikatuek. 2005eko uztailaren 9an abiatu zen nazioarteko ekimen bakezale hori, Palestinako Batzorde Nazionalak eta hango gizarte zibilak bultzatuta; ordutik, Palestinarekiko elkartasun mugimendua osatzen duten erakundeen mundu mailako sarearen sostengua jaso du. Hegoafrikako apartheidaren aurkako kanpaina du iturburu BDZk, ekimenaren azken helburua bakea erdiestea baita.

Bost urteotan zenbait lorpen izan ditu kanpainak. Norvegiako Gobernuak, esaterako, Israeli teknologia militarra ematen dion Elbit enpresarekiko inbertsioak bertan behera utzi ditu; Espainiako Gobernuak, halaber, diru laguntza kendu dio Zisjordaniako lurralde okupatuetan diharduen Arielgo Unibertsitateari. Kanpaina ez da bertan behera geratuko Palestinaren okupazio militarra amaitu arte, Zisjordaniako harresiaren eraikuntza geldiarazi eta orain arte egindakoa eraitsi arte, arrazagatiko bazterketa sistema bukatu arte, Gazaren blokea behin betiko kendu arte, eta iheslariei euren lurretara itzultzeko duten eskubidea aitortu arte.

BDZren OINARRIAK

  • Boikota. Israelgo Estatuaren eta hango erakunde eta enpresen jarduna salatu; hango produktuak gaitzetsi; kirol eta musika taldeen presentzia ere arbuiatu.
  • Desinbertsioak. Palestinaren okupazioaren ondorioz onurak dituzten enpresetako inbertsioak bertan behera utzi.
  • Zigorrak. Israelgo Estatua Nazioarteko Zuzenbidearen aurrean duen ardura bere gain hartzera bultzatu.

Informazio gehiago: "Sindicatos vascos se suman a la campaña de boicot contra el Estado israelí" [Gara]