Maccabi-Tel Aviv taldea "non grato" Euskal Herrian

Prentsaurrekoa Atzo Indar Baskonia eta Israeli boikot Euskal Ekimenaren kideek prentsaurrekoa eskaini zuten Gasteizko postetxe nagusiaren aurrean.

Bertan, adierazi zuten Maccabi ez dela ongi-etorria Euskal Herrian, eta gogorarazi zuten, bi taldeek jokatu zuten azken partidan gertatuko kontrol eta jazarpen poliziala. Salatu ere salatu zuten Maccabik ez duela jokatu behar Euroligan.

 

 

Prentsaurreko testua:

"Indar Baskonia taldeko kideok eta Israeli Boikot euskal ekimenak Baskonia eta Tel Aviv-eko Maccabik, bihar, Martxoaren 7an asteazkenean jokatu behar duten partidaren aurrean, gure salaketa eta kezka adierazi nahi dugu, 2002an bi taldeok Gasteizen jokatu zuten partidan egon zen izugarrizko kontrola oraindik ez baitugu ahaztu.

  • Ez dugu onartzen orain dela 5 urte Mosad eta Ertzaintzak kordinaturik hartutako neurri polizialik berriz gertatzerik: pabiloi osoa, atsoak eta umeak barne, katxeatu zuten, palestinar zapiak, kamisetak eta puxikak kenduarazi, Indar Baskoniako pankartak eta bitartean zelaian Israelgo propaganda handia.
  • Ez dugu onartzen Israelgo taldeak izatea Euroligan jolastu dezaketen bakarrak, Europatik gertuago dauden beste herri batzuetako taldeak baztertzen diren bitartean, adibidez, Libano, Siria edo Jordaniakoak eta Palestinakoak, jakina.
  • Ez dugu onartzen Israel estatu sionistaren interes politikoak kirol lehiaketen bidez ezartzerik, hau da, kirolaren bidez Zuzenbide Estatu legezko, moderno, aurrerakoi eta europear itxura ematea, nazioarteko legeak bete eta giza-eskubideak errespetatzen dituena. Orain dela 5 urte, beren inposatutako mugetatik hain urruti dagoen Euskal Herrian ezarri zuten kontrol polizial izugarrizkoa da gizabanakoen oinarrizko askatasun eta eskubideak errespetatzetik zeinen urrun dauden ulertzeko modurik onena.
  • Inongo euskal taldek ez luke talde israeldarren kontrako partidarik jokatzerik onartu beharko, eta euskal zaletu guztiok odolez zikindutako partida hauek boikoteatu beharko genituzke. Beraz, Baskoniako zale guztiei dei egiten diegu Tel Aviv-eko Maccabiri beren gaitzespen osoa adierazi diezaioten.
  • Beraz, Maccabi eta bere jarraitzaileak talde eta zale non gratoak dira Euskal Herrian guretzako eta modu baketsuan baina gure energia osoaz adieraziko diegu."