ISRAELI BOIKOT. PALESTINAKO HERRIARI LAGUNTZEKO ETA ELKARTASUNA ADIERAZTEKO BESTE MODU BAT

Ia egunero irakurtzen edo entzuten ditugu Palestinaren egoeraren inguruko albisteak. Horietako batzuk, zoritxarrez beste hainbat errealitaterekin gertatzen den bezala, ez dute azaltzen benetan zer gertatzen den. Beste batzuk, egia ezagutzeko dugun eskubidea urratzeaz gain, errealitatea boterearen interesen alde eraldatzen dute inolako eskrupulurik gabe, ez boterearen aldetik ez eta informazioa zabaltzen duen hedabidearen aldetik.

Azkenaldian Palestinatik heltzen diren informazioek Gazak bizi duen errealitate gordinaren berri ematen digute. Gazako herritarrek, euren lurrean kartzelaraturik, bizirauteko borrokatzen dute.

Hau ikusi edo entzuten dugunean, neurri handiago edo txikiagoan bada ere, zerbait mugitzen zaigu barren barrenetik; laguntzeko gogoa sartzen zaigu. "Zer egin dezakegu egoera honen aurrean?" galdera burutik pasatzen zaigu. Kontutan izanda asmo onak direla balio dutenak, eta norberak ahal duena ematen duela, asko dira egoerari buelta emateko martxan jarri ditzakegun mekanismoak: mobilizatu gaitezke, kalera atera eta gure agintariei neurriak hartu ditzatela exijitu, kexak idatzi, salatu, Palestinako errealitateari buruz irakurri eta informazioak egiaztatu, Palestina bisitatu eta egoera bertatik bertara ikusi. Eta boikota ere erabili dezakegu Israelgo gobernua eta gizarte presionatzeko neurri gisa, Palestinako herriaren aurka ezartzen duen errepresioarekin amaitu dezan.

Gogor jotzen du belarrietara boikot hitzak, baina eman dezakeen irudipenetik haratago, atzean dagoena zeharo ezberdina da. Boikota bidegabeak diren egoerak aldatzeko eta indarkeria instituzionala salatzeko dagoen gizalegezko neurri bat da. Gobernuek itsu eta gor jarraitzen dute Israelen legez kanpoko jokaeraren aurrean. Ezinbestekoa da okupazioa eta apartheida sustatzen duen Israel bakantzeko; hori gauzatu dadin presioa egiteko ordua da.

Israel, Palestinako herriari lapurtutako lurren gainean eraikitako estatua, gobernu demokratiko baten irudia zabaltzen saiatzen da mundu zabalean. Hori normaltasunez onartzen badugu Israelen jokabide politikoa onartzen ari gara: okupazioa, palestinarren kanporatzea, diskriminazio politikak… Eta, era berean, Israelen basatikeriaren aurrean axolagabetasuna eta zigorgabetasuna erakusten dugu.

Israeli boikota nazioarteko kanpaina bat da, Palestinako herriaren elkartasuna bultzatzen duten Europako hainbat erakundek bultzatutako ekimena. Israeleko hainbat talde ez sionistek eta Palestinako herritarrek ere bat egin dute kanpaina honekin.

Boikota erabili dezagun Palestinako herriaren borroka sustengatzeko eta elkartasuna adierazteko beste tresna bat bezala. Boikota hainbat modutara egin liteke: boikot ekonomikoa, kulturala, akademikoa. Israeleko produktuak erosteari utzi diezaiokezu; erakunde akademikoek uko egin beharko liokete Israelgo erakunde edo unibertsitateekin lan egiteari; konferentziak zein kirol edo kultur ekitaldiak boikoteatu daitezke…

Boikota laguntza handikoa izan zen Hego Afrikak bere apartheid politika aldatu zezan, iragan mendeko 80. hamarkadan. ¿Zergatik ez Israelekin?