Aio eta ez bueltatu!


Atzo gauean, bigarren egunez ere, elkartaratzea egin zen Donostian Noaren kontzertuaren aurrean protesta egiteko. Eta gainera, atzoko kontzertuan 4 lagunek eten zuten Noaren emanaldia (lehen eguna soilik gonbidatu berezientzat eman zuen Noak).

'Israeli Boikota Palestina Askatu' idatzita zuten afitxak eskutan eta oihuka 4 lagunek lehen kantan bertan eten zuten kontzertua eta aretoaren barruan kalez jantzitako zeuden ertzainek beraiek gelditu eta indarrez (iletatik tiraka, besoak bihurrituz eta lurretik arrastaka) atera zituzten aretotik. Haietako hiru identifikarazi eta atestatua zabalduko dietela iragarri zieten.

Horrez gain 'antolakuntza'-ko kamara bat denbora luzez jardun zen kanpoan elkartaratzea egiten ari ziren lagunak grabatzen. Elkaratartzeko bi lagunek antolakuntzakoei baimenik gabe irudiak hartzeko eskubiderik ez zutela adierazi bazieten ere, barrez erantzun zuten grabatutako zinta ez zietela emango.

Kontzertura sartu ziren guztiei interpelazioa egin zitzaien (asteazkenean 150 inguru eta osteguenan 700 bat (aretoa ez zen bete)), batetik Noak berak Gazako azken sarraskiaren ondoren palestinarrei idatzitako gutuna eman zieten eta bestetik Israeli Boikot ekimenetik kontzertuaren gainean egiten zen irakurketa.

Hausnarketa

Donostia Kulturak -Donostiako Udalaren Kultur Patronatoak- ez du atzera bota nahi izan, Noa kantari isrraeldarrari Victoria Eugenia antzokian otsailaren 25 eta 26an kantazeko egin zion gonbitea.

Modu horretan Urtarrilaren 13an udalak, talde gehienen sostenguarekin, Gazako azken sarraskiagatik Israeli egin zion salaketa balio errealik gabe utzi du: paper bustia, haizean doazen hitzak.

Izan ere, zertarako balio du udal batetik gobernu bati israelekin harremanak etetea eskatzea, gero udal berorrek israel Eurovisionen ordezkatzen duen kantaria kontratatzen badu?

Batek esango du musika musika dela eta artista guztiek daukatela beren jarduna emateko eskubidea. Bai. Baina donostiarren eskubidea da Palestinaren genozidioa palestinarren gain uzten duen israeldar bati hiriko antzokiko ateak ez zabaltzea.

Noari gutun bat idatzi genion, eta Udalak konpomisioa hartu omen du berari gutun hori emateko, bertan zuzenean galdetzen genion hitzez defenditzen duen 'bakea' edukiz bete zezan:

-Palestinar errefuxiatuek etxera itzultzeko duten eskubidea onartzen duzu?

-Israelen bizi diren palestinarrek beren eskubide zibil eta politiko guztien jabe izan daitezen onartzen duzu?

-Israelek legez kontra okupatu dituen lurrak palestinarrei itzuli behar dizkiela onartzen duzu?

-Apartheid harresia bota behar dela onartzen duzu?

Noaren aldetik oraingoz daukagun erantzun bakarra, urtarrilean palestinarrei idatzitako gutuna da, Gazaren aurkako sarraskia izugarria izan bada ere, 1300 hildako egon badira ere, ejerzitoak fosforo txuria erabili badu ere, NBEren egoitzak eta eskolak bonbaz erasotu badituzte ere, etxean egindako jaurtikiei gerraontziz, lurrez eta airez erantzun badie ere, Noaren aburuz, palestinarrek daukate errua, fanatismoaren gaitza: Hamas.

Alperrik da gogoraraztea Hamasez gain, bestelako ideologia duten erresistentziako beste hamar taldek (tartean ezkertiarrek) egin dutela erresistentzia, alperrik da gogoraraztea Palestinarrek Hamas aukeratu, OLP aukeratu, FPLP aukeratu, musulmanak izan edo kristauak izan, Israelen irudiko daukaten irtenbide bakarra, beren lurraren okupazioa eta beren herriaren desagerpena, arkume otzenen lez onartzea dela.

Ezin da Noa kantatzera gonbidatu, herri baten genozidioaren kontra jarrera argia hartzen ez duen bitartean, kontua ez da Noaren ideologia zein den, eskuma edo ezkerrekoa den, kontua da Noak Israelek Palestinan egiten duen okupazioaren alde dagoela, 5 miloi errefuxiatuak beren etxera itzultzearen aurka dagoela, Israelen bizi diren bere 'herrikide' palestinarrak arrazagatik baztertutako bigarren mailako hiritarrak izatearen alde dagoela (Mira Awad-ekin nahi bestetan kantatuta ere), apartheid harresiaren alde, kolonia sionisten alde, Gazako azken 'operazioa'-ren alde... ez al da hori herri baten genozidioaren alde egotea?

Gure ustez Donostiako udalak ez du sinesgarritasunik batere, ahots ozenez eskatzen dio beste gobernu bati israelekin harremanak etetea eta Noari hiriko antzokiko ate dotoreak zabaldu.

Beste behin ere, holako instituzio kolaborazionisten aurrean, jendarte zibilari egokitu zaio Palestinatik datorren elkartasun deiari erantzutea, bejon deiela Noaren presentzia salatzera joan ziren lagun solidarioei eta bereziki era baketsuan kontzertu horren 'normaltasuna' ez nomala egin zutenei. Gora zuek!

Espero dugu etorkizunean ez Donostiako Udalak, ez eta EHko beste inongo instituziok Noa ez kontratatzea berriro, ez eta Israel musikan, kirolean, ekonomian, politikan edo irakaskuntzan ordezkatzen duen beste sionistarik.

Sionismoa Euskal Herritik kanpora!